PREST proiektu telematikoa da, bizitza osoko ikaskuntzarako eta etengabeko garapen profesionalerako edukiak eta baliabideak eskaini nahi lituzkeena; betiere, diskurtso espezializatuen eta komunikazio profesionalaren alorretan. Izan ere, PRESTek erantzun doitu bat eman nahi die euskaraz jardun behar duten ikasle, irakasle, ikertzaile eta profesionalen berariazko behar linguistikoei.
PREST proiektuak asmo praktikoa du: edukiak, esperientzien trukaketarako guneak eta aholkularitza telematikoa eskaini nahi lituzke. Baina, areago, diskurtso espezializatuen eta komunikazio profesionalaren ikerketari bidea egingo liokeen gunea izan nahi du: Euskal Filologia Saileko kideen lanaren, unibertsitateko komunitatearen eta gizartearen arteko nolabaiteko zubia.
Asmo horrek epe ertainekoa behar du izan, ordea. Batetik, diskurtso espezializatuen eta komunikazioaren ikerketak bultzada berri bat izango du, ezinbestean, hurrengo urteetan; ikuspegi berriak eta ikertzeko bide berriak ari dira une honetan zabaltzen eta horiek izango dira PREST eta antzekoei euskarri zientifikoa emango dietenak.
Bestetik, oraintxe ari dira Europan egiten hizkuntzen ikaskuntza telematikorako baliabideen ebaluazioak; ebaluazio horietatik aterako diren ondorioak ere hartu beharko dira aintzat. Kontuan hartu behar da, halaber, e-ikaskuntzak eta e-aholkularitzak oraindik gure gizartean erabateko ezarpena ez badute ere, aurreikus daitekeela gero eta garrantzi handiagoa hartuko dutela gure gizartean.
Gauzak horrela, hauxe da PREST egitasmoaren helburu orokorra: euskara-maila jasoa dutenei diskurtso espezializatuetan janzteko eta komunikazio profesionalaren alorrean etengabe hobetzeko edukiak eta zerbitzuak eskainiko dizkien baliabide telematikoa diseinatzea eta garatzea.