Dakigunez, testu berezituen azterketak garrantzi handia hartu du azken hamarkadetan informazioaren eta jakintzaren gizartean esaten zaion honetan. Diskurtso mota hauek komunitate profesional eta akademikoetan garatzen dira eta ezinbestekoak dira jakintza eraiki zein hedatzeko; funtsezkoak dira, gainera, gizartearen garapen sozial, intelektual, zientifiko, tekniko eta ekonomikorako.
Diskurtso espezializatuak komunitate epistemologiko horiek ekoizten dituzten testuak aztertuz deskribatzen dira, eskuarki. Hizkuntzen didaktikak ere onetsia du testu-generoen bidezko metodologia espezialitate-hizkeren eta itzulpengintzaren irakaskuntzarako. Izan ere, arloko adituek nabarmentzen dutenez, arrakasta akademiko eta profesionala estuki lotuta dator jakintza-arloko eta diziplina profesionaleko berariazko testuak trebetasunez baliatzeko gaitasunari.
Ildo horretan, egun oro har onarturik dago espezialitate-eremu desberdinetako generoak eta genero horien bereizgarriak diren hizkuntza-baliabideak (bide morfosintaktiko erabilienak, terminologia, fraseologia) aztertzeko ezinbestekoa dela corpus informatizatuak eta analisirako tresna automatiko eta erdiautomatikoak erabiltzea; Batez ere, diskurtso espezializatuen ezaugarri soziokultural, pragmatiko, egiturazko eta formalak sistematizatu eta bateratzeko marko emankorra eskaintzen duelako.
Euskara normalizazio prozesuan murgilduta egoteak, are beharrezkoagoak egiten ditu tresna hauek. Izan ere, gero eta ugariagoa da jakintza-arlo guztietan zein lan-giroko berariazko eginkizunen testuinguruan sortzen diren euskarazko testuen ekoizpena; baina euskarak esparru bereziak bereganatzen dituen heinean, gero eta nabarmenagoa da laneko eta jakintza-arlo berezietako komunikaziorako ereduak ontzeko dagoen premia.
Proiektu honek jomugan du euskararen diskurtso espezializatuen eta bereziki diskurtso akademikoaren garapenaren deskripzioa eta didaktika lagunduko duten testu-bankuak eratzeko aplikazio informatikoa garatzea.
Egun badira espezialitate-hizkeren garapenean eta irakaskuntzan lagun dezaketen zenbait tresna. Tresna honen bitartez testu hutsa diren corpusak datu-baseetan batean antola daitezke. Haatik, azpiegitura informatiko eta tekniko handia eskatzen dute, eta hizkuntzalari eta informatiko adituek baliatzeko daude pentsatuak. Horrenbestez, ez dira xede bereziko ikaskuntza programak eratu nahi dituzten irakasleen, enpresen edota langile-taldeen eskuko.
DOKUMENTU BILTEGIA, hain zuzen, hutsune hori betetzera dator. Irizpide tekniko eta linguistiko sendoetan oinarrituko da, baina, aldi berean, erabiltzaile orok bere ordenagailuan, web-orrian edota laneko sarean baliatu ahal izango du, nork bere intereseko testuen berariazko biltegiak egiteko. Aplikazioarekin batera erabiltzailearentzako eskuliburu bat banatuko da testuak hautatu, aztertu eta kargatzen lagunduko duten jarraibideak bilduko dituena.
Proiektuan Adur Software Productions, S Koop eta EHUko Filologia Saila elkarlanean ari dira. Lehenengoak web, aplikatibo eta garapen teknologikoen ardura izango du. Bigarrenak, berriz, analisiaren eta edukiaren ardura izango du; baita erabiltzaileentzako eskuliburua idaztekoa ere. Lankidetza hau ASP eta EHUren arteko hitzarmen baten bidez xedatu da.