|
PREST eskuliburua |
|
Europako Unibertsitate Eremuan lehentasun osokoak dira komunikaziorako gaitasunak. - Titulazioen Liburu Zurietan zeharkako gaitasunen artean agertzen dira, lehenik eta behin, komunikaziorako gaitasunak. Egindako inkesten arabera, lehen mailako helburu dira titulazio gehienetan.
- Horrez gain, berariazko helburu ere badira titulazio askotan: pedagogian, zuzenbidean, humanitateetan, irakasletzan, bioteknologian, etab.
- Ikasketa-plan askok, bestalde, practicumak, memoriak edota amaierako proiektuak hartzen dituzte barne. Komunikaziorako gaitasun jasoak, horrenbestez, titulazio gehienen jomugan dira. Gaitasun horiek, baina, ez ditu ikasleak laguntzarik gabe garatuko. Aitzitik, ahalegin handia egin beharko du komunikazio akademikoaren gakoak ulertu eta zeregin horretan eroso jardun ahal izateko. Ahalegin horretan lagungarri gertatuko zaizkio ereduak eta orientabideak. Horixe da, bada, lan honen bidez eskaini nahi dena: eremu akademikoan ohikoak diren komunikazio-jardunetan aise moldatzeko oinarrizko jarraibideen bilduma. Titulazio berrien liburuen arabera jomuga diren komunikazio-eginkizunen artean, hauek dira lehentasun handienekoak: espezialitateko testuen ulermena eta interpretazioa; lan akademikoen idazkuntza (artikuluak, laburpenak, txostenak...), komunikazio profesionaleko testuen idazkuntza (gutunak, posta elektronikoak, jakinarazpenak..), zabalkunde-testuen idazkuntza (hedabideetan, irakaskuntzan, etab.), eta jendaurreko ahozko agerpenak (hitzaldiak, ikerketen aurkezpenak, debateak, etab.). Ildo horretan, hauek dira PREST eskuliburuan jorratuko ditugun langaiak:
0. Komunikazio akademikoaren gakoak: ikuspegi orokorra.
1. Entzutezko ulermena: entzumen arretatsua, entzumen-jarrerak, ulermen-estrategiak, oharrak hartzea, ulertutakoa egiaztatzea...
2. Ahozko jarduna: jendaurreko azalpenak egiteko teknikak; hitzaldiak antolatzeko jarraibideak; argudiatzeko baliabideak...
3. Irakurriaren ulermena: testu akademikoen ezaugarriak, irakurmenaren helburuak, ideia nagusiak identifikatzeko teknikak, sintesi akademikoak...
4. Idazkuntzaren oinarriak: plangintza, testuaren antolaketa eta orobatasuna, zuzenketa...
5. Itzulpengintza: itzulpengintzaren ikuspegi funtzionala, itzulpen-teknikak...
6. Testugintza-I: oharrak, gutunak, posta elektronikoa, foroetako mezuak...
7. Testugintza-II: artikuluak, lan monografikoak, txostenak...
8. Testugintza-III: argudio laburrak, saiakerak....
Eskuliburu honetan edukiak azalpen ulerterrazen bidez landuko dira. Azalpenez gain, eredu laburrak ere eskainiko dira. Praktika bideratzeko ariketak ere proposatuko dira. |
|